26 | 08 | 2022

Karbono- eta beira-zuntzei bigarren bizitza emateko prozesu berriak

Surface Engineering

CIDETEC Surface Engineering partaide duen MC4 proiektuak zenbait prozesu ezarriko ditu material horien % 60ko birziklagarritasuna lortzeko eta Europak horren balio-katean bere posizioa indartzeko

 

MC4 (Multi-level Circular Process Chain for Carbon and Glass Fibre Composites) Europako proiektua, CIDETEC Surface Engineering partaide duena, karbono- eta beira-zuntzezko konposatuen zirkulartasuna sustatzeko helburuarekin sortu da.Material horiek funtsezkoak dira aplikazio tekniko askotan, arinak direlako eta prestazio handiak dituztelako. Haiek ekoizteko prozesuan, produktuaren % 40 alferrik galtzen da. Gainera, 15 eta 30 urte bitarteko balio-bizitza dute, eta, ondoren, materialaren % 98 bota egiten da, ez baitago birziklatzeko aukerarik.Urtean, karbono-zuntzezko 110.000 tona konposatu eta beira-zuntzezko 4,5 milioi tona konposatu erabiltzen dira; beraz, ezinbestekoa da material horiek ingurumenean duten inpaktua txikitzeko irtenbideak bilatzea.

Ingurumen-arazo horiek alde batera utzi gabe, beharrezkoa da Europak balio-kate horietan gaur egun duen lehiakortasun-posizioa hobetzea; izan ere, atzerriko iturriekiko mendekotasun handia dago gaur egun.Karbono- eta beira-zuntzaren % 80 Europatik kanpo fabrikatzen da, eta, Europar Batasunaren barruan egiten denari dagokionez, teknologiak atzerriko herrialdeetakoak izaten dira.

Birziklagarritasun- eta lehiakortasun-irtenbideak emate aldera, MC4-k ikerketa- eta berrikuntza-neurriak eskainiko ditu. Hona hemen horietako batzuk:

Hainbat mailatako prozesu zirkularra ezarri, karbono- eta beira-zuntzezko konposatuak tratatzeko, industrian epe labur eta luzean eragina izango duten jarduketen bidez.

  Ekonomikoki errealistak diren prozesuak garatu, bi balio-kateen berezitasunetara egokituak.

  Europako industriaren esku baliabide egokiak jarri, material birziklatuak fabrikatzeko prozesu patentatuak izan eta menderatu ditzan.

Hain zuzen, MC4 proiektuan, karbono-zuntza birziklatzeko, matrizea eta zuntza kimikoki bereiziko dira, eta, beira-zuntzaren kasuan, erretxina-mota berri bat garatuko da, material konposatua zuzenean berrerabili ahal izateko.Horren ondorioz, eta material birziklatuaren kalitate-sailkapen egokia erabiliz, MC4-k % 60ko birziklatze-tasa lortzeko prozesuak ezarriko ditu, eta material birziklatuak hainbat aplikaziotan egoki erabiltzeko aukera bermatuko du.

Bere helburuak lortzeko, MC4-k 15 bazkide bildu ditu, balio-kateko maila guztiak betetzen dituztenak. Bazkideak prozesuen garatzaileak, materialen ekoizleak edo pieza konposatuak egiten dituzten azken erabiltzaileak dira, besteak beste.Trebetasunak eta ezagutzak elkartuta, konposatuak birziklatzeko prozesu zirkular jasangarria eta bideragarria sortuko da elkarlanean.MC4 2025eko martxoan amaituko da.

Iturriak:

– https://www.materialstoday.com/composite-processing/features/new-lease-of-life-for-cfrps/

– Carbon fibres: history, players and forecast to 2020, JEC Composites Publications

– https://www.statista.com/statistics/759404/worldwide-glass-fibre-demand-and-capacity/

– Carbon fibre 2020 (Knoxville, Tenn, US) Preconference seminar by Tony Roberts, AJR Consultancy

 

Erlazionatutako berriak

Logo Cidetec

© 2024 CIDETEC | www.cidetec.es | All rights reserved

  • icono linkedin
  • icono youtube