13 | 10 | 2021

HARVEST arrakastaz hasi da lur hartzen

Surface Engineering

Hiru urtez, hainbat funtziotako material konposatu estrukturalak garatu dira, sektore aeronautikoan energia termoelektrikoa (TEG) sortzeko

 

HARVEST proiektuak sektore aeronautikoan sistema termoelektrikoetarako material berriak garatzen lan egin du azken hiru urteetan, eta joan den irailaren 29an egin zuen azken bilera. Saio hartan, azken aurrerapausoak erakusteaz gainera, proiektua azaroan amaitzeko jarraitu beharreko urratsak zehaztu zituzten.

Topaketan, bosgarren, seigarren, zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren lan-paketeez arduratzen diren bazkideek, zeregin bakoitzaren arduradunek lagundurik, lortutako emaitzak eta ateratako ondorioak azaldu zituzten.

IVW konpainiak, UOI eta CIDETEC Surface Engineering etxeen laguntzarekin, WP5 edo bosgarren lan-paketean garatutako lana aurkeztu zuen, honako gai hauei dagokienez: energia termoelektrikoa (TEG) sortzeko efizientzia, propietate mekanikoak, multifuntzionaltasuna, iraunkortasuna eta proiektuan garatutako materialen konpongarritasuna, CIDETECen 3R teknologia oinarri harturik–konpongarria, birziklagarria eta birprozesagarria–.

Bestalde, AIRTIFICIAL etxeak, TELETEL SA eta IVWrekin batera, zirkuitu elektroniko baten garapenean egindako aurrerapen teknikoak eta TEG plakarekiko interkonexioak partekatu ditu. Adituek adierazi dutenez, TEGaren elementuekin eta energia biltzeko elektronikarekin eginiko probak arrakastatsuak izan dira.

Sonacak gidatutako zazpigarren lan-paketean (WP7, «Erakusle aeronautikoak: baliozkotzea eta optimizazioa»), erakusleak diseinatzeari, iraunkortasunari eta piezak hainbat ingurumen-baldintza simulatutan baliozkotzeari buruzko aurrerapenak aurkeztu ziren. BT Composites etxeak eta UOIk emaitzak azaldu zituzten eta xehetasunez partekatu zituzten ondorioak. Pakete horren barruan, R-Techek LCA eta LCC azterlanen egoera azaldu zuen.

CIDETEC Surface Engineeringek WP8 edo zortzigarren lan-paketea aurkeztu zuen, eta labur-labur azaldu zituen proiektuaren emaitzak komunikatzeko, zabaltzeko eta ustiatzeko azken jarduerak. Nabarmentzekoa da partzuergo osoaren lankidetza emaitzaren arrakasta lortzeko, bereziki Ioaninako Unibertsitatearen, Paduako Unibertsitatearen eta R-Tech enpresaren artekoa.

Bilera amaitu aurretik, R-Techek proiektuaren arriskuen kudeaketaren inguruan garatutako azterlana azaldu zuen. Amaitzeko, UOI proiektuaren koordinatzaileak hartu zuen hitza, eta 2021eko azaroan proiektua amaitzeko egiteke dauden zereginak berrikusi zituen.

HARVEST erronka profesionala izan da partzuergo osoarentzat, eta, zalantzarik gabe, emaitza gailenak lortzen ari da, lankidetzari, profesionaltasunari eta dedikazioari esker. Laster jasoko dugu egindako lanaren uzta.

Erlazionatutako berriak

Logo Cidetec

© 2024 CIDETEC | www.cidetec.es | All rights reserved

  • icono linkedin
  • icono youtube