AIRPOXY proiektua 2018an sortu zen, Europako aeronautikaren industrian lidergoa mantentzeko erronkei aurre egiteko helburuarekin, zenbait alderdi kontuan hartuta; esaterako, material jasangarrien erabilera, zero hondakin sortzea, funtzio aniztasuna edo ekoizpenaren efizientzia.
Joan den abuztuaren 31n amaitu da AIRPOXY proiektua, eta TRL3 (kontzeptu-proba) mailatik TRL 5 (eremu industrialean baliozkotzat jotzea) salto egin du, lotura dinamikoetan oinarritzen diren eta 3R teknologia darabilten konposite termoegonkorren familia berri baten garapen-prozesuan. 3R teknologia errendimendu altuko zuntzez indartutako erretxin termoegonkor birprozesagarriak, konpongarriak eta birziklagarriak dira. Helburu nagusiak aeronautikarako egokitutako 3R erretxinen familia bat sortzea, fabrikatzeko gastuak/denbora murriztea eta lotura itsaskorren sendotasuna areagotzea dira. Horrela, material konposatu berriek Europako industria aeronautikoaren bilakaera jasangarria bultzatzen lagunduko dute.
CIDETECek 2014an patentatu zuen 3R teknologia eta, proiektu honetan zehar, erretxin dinamikoen propietateak egokitzen saiatu da, aeronautikaren sektoreko baldintza zorrotzak bete ahal izateko.
Partzuergoaren burua CIDETEC Surface Engineering izan da, eta Leibniz- Institut für Verbundwerkstoffe, Coexpair, EURECAT, ÉireComposites, IDEC, Sonaca, Ioannina-ko Unibertsitatea, Altair, Arttic eta Espainiako Normalizazio Erakundea UNE entitateek osatu dute. Guztira, Europako sei herrialdetako hamaika bazkide izan dira.