SURPASS proiektuak material polimeriko seguruago, jasangarriago eta birziklagarriagoak lortzeko trantsizioa ezarriko du, eraikuntzaren, garraioaren eta bilgarrien sektoreetarako.
Hondakin plastikoak izugarri azkar pilatzen ari dira planetan, eta airea, lurzorua eta ura kutsatzea eragiten dute, substantzia toxikoen eta berotegi-efektuko gasen isurtzeen ondorioz.SURPASS proiektua material polimerikoen diseinu seguruagoa, jasangarriagoa eta birziklagarriagoa (SSRbD, ingelesezko sigletan) lortzeko trantsizioaren buru izateko sortu zen, eta Europan plastikoaren % 70 erabiltzen duten hiru sektore espezifiko ditu jomugan:bilgarriena, eraikuntzarena eta garraioarena.
EBk finantzatutako proiektua da SURPASS, eta 4,98 milioi euroko aurrekontua du. Arriskutsua izan daitekeen gehigarririk gabeko SSRbD alternatibak garatzea du helburu, eta, horretarako, industriarentzat adierazgarriak diren kasuak aztertzen ditu.CIDETEC Surface Engineering-ek, 3R teknologiaren bidez —euskaraz, teknologia konpongarria, birziklagarria eta birprozesagarria—, epoxi konposatu birziklagarriak eta jasangarriak formulatu eta sortuko ditu. Konposatu horiek suaren aurkako erresistentzia hobea izango dute, batez ere, eta eskakizun handiko sektoreetan erabili ahal izango dira, hala nola trenbide-sektorean.
Gainera, balorazio-sistema bat diseinatuko da, berariazko zenbait parametrotan, arriskuen balorazio batean eta osasun-, ingurumen- eta ekonomia-ebaluazio batean oinarritua, materialen formulatzaile eta fabrikatzaileentzat eta birziklatzeaz arduratzen direnentzat, hasieratik SSRbD material polimerikoak diseina ditzaten.
Hala, egiturazko arazo bat konpondu nahi da, egungo joera diseinuaren ikuspegitik aldatuz, eta, gaur egun ez bezala, Europan biltzen diren plastiko-hondakinen % 70 zabortegietara edo erraustegietara eramateari utzi, hondakin horiek ondorio kaltegarriak baitituzte osasun publikoan eta ingurumenean.
SURPASS, Horizon Europe 2021 Ikerketa eta Berrikuntza Programaren barruan, joan den ekainean hasi zen eta 42 hilabeteko iraupena izango du. Guztira, 13 bazkidek hartuko dute parte, Frantziako CEAk koordinatuta.