25 | 10 | 2022

Aeronautikarako osagai jasangarriagoak eta seguruagoak lortzeko biki digitalak

Surface Engineering

CIDETEC Surface Engineering-ek 3R konpositeekin duen eskarmentuari esker, fabrikazio-estrategia ekoefiziente bat garatu ahalko da.

 

CIDETEC Surface Engineering-ek ia hamarkada oso bat darama 3R (birprozesagarriak, konpongarriak eta birziklagarriak) teknologia garatzen. Konposite horren goi-mailako ezaugarriak oso aproposak dira estandar altuak dituzten sektoreetarako,hala nola aeronautikarako; izan ere, sektore horretan ezinbestekoa da produkzio-estandarrak egiaztatzea. Fabrikazio-prozesua osatzen duten askotariko osagaiak integratzeko zailtasunei aurre egiteko, bereziki lagungarria da teknologia.

GENEX proiektuaren baitan, biki digitalen esparru integral berri bat garatuko da, hobetutako eredu konputazionaletan oinarrituta. Biki digital horien bidez, aireontzietako osagaiei buruzko diziplinarteko ezagutza fabrikazio- eta konponketa-prozesuetan txertatuko da. Horrela, konposite-piezen produkzioa optimizatzea, aireontzien etengabeko funtzionamendua gaitzea eta konpositeen konponketa-prozesuak hobetzea lortu nahi da, segurtasuna bermatu ahal izateko.

Biki digitalen esparru berri bat inplementatuko da, garatutako ereduak eta bildutako datuak integratzen dituen IIoT plataforma arrunt batean. Ondorioz, bi noranzkoko datu-fluxu bat sortuko da eta datuak kudeatzeko metodologia holistiko eta global bat aplikatzeko aukera gaituko da, lortutako ezagutzak behar bezala sortu, bildu, partekatu eta berrerabiltzeko, aireontzien bizi-ziklo osoan zehar.

CIDETEC-en Polimero eta Konpositeen unitateak GENEX proiektuan parte hartuko du, erretxin termoegonkor (3R erretxina) berri bat garatzeko, patentatuta daukan 3R teknologiarekin. Erretxin horrek zuntz optikoaren sentsoreak (FOS) dauzka integratuta, eta karbono-zuntzez indartutako konposite-zintak fabrikatzeko inpregnazio-prozesu aurreratuetan erabiliko da. Garapen horri esker, aeronautikaren sektorerako konposite-pieza berrien fabrikazio ekoefizientea sustatzeko fabrikazio-estrategia bat hezurmamitu ahalko da.

Proiektuak Europar Batasuneko Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programaren diru-laguntza jaso du, 101056822 dirulaguntza-akordio zenbakipean

Erlazionatutako berriak

Logo Cidetec

© 2024 CIDETEC | www.cidetec.es | All rights reserved

  • icono linkedin
  • icono youtube