13 | 10 | 2023

Aeronautikan korrosioa detektatu eta prebenitzeko metodoa

NanomedicinaSurface Engineering

CIDETEC Surface Engineering enpresaren U-CROSS proiektuak korrosioa prebenitzeko detekzio-sistema bat garatu du, emisio akustikoaren teknikan oinarrituta

 

Korrosioa kontrolatzea da egitura eta material funtzionalen iraunkortasuna (balio-bizitza, alegia) luzatzeko erronkarik handienetako bat.Korrosioa oso zaila da hasierako faseetan detektatzen, eta, aurreratuta dagoenean, oso garestia izan daiteke enpresentzat hura konpontzea.Garaiz detektatu ezean, korrosioak eragindako kaltea kritikoa izan daiteke egitura baten funtzionaltasunerako, eta, gainera, aeronautika bezain zorrotza den sektore batean, ondorio katastrofikoak ekar ditzake.

Lau urteko ikerketaren ondoren, U-CROSS proiektu europarra amaierara heldu da. CIDETEC Surface Engineeringen koordinaziopean, monitorizazio-sistema bat garatu du, eta emaitza esperantzagarriak lortu ditu aireontzietan korrosioa diagnostikatzeari eta aurreikusteari dagokienez (prognosia).Hain zuzen, proiektuak emisio akustikoaren (EA) teknikan oinarritutako monitorizazioa garatzea izan du xede, egitura aeronautikoei eragiten dien korrosioa goiz detektatzeko, eta, hala, egitura horien segurtasuna arriskuan jar dezaketen kalte kritikoei aurrea hartzeko aukera izateko.

Laborategian egindako lan esperimentala kanpo-giroko esposizioarekin uztartuz lortu ditu U-CROSS proiektuak emaitza horiek.Erregistratutako EAko datuak ikertzeko egindako azterketa aurreratua funtsezkoa izan da, monitorizazio-sistema baten bidez aluminio-aleazioei kalte egiten dien korrosio lokalizatuaren lehen etapak (koskadura bidezko korrosioa eta pikor artekoa) edo pinturaren azpiko korrosioa (korrosio filiformea) detektatzeko.Bestalde, lan esperimentala oinarri hartuta, estalduraren degradazioa eta korrosioak eragindako aluminio-aleazioaren balio-bizitza aurreikusteko ereduak zehaztu dira.Emaitzak EAn oinarritutako monitorizazio-sistema baten bidez baliozkotu dira. Sistema hori Falcon 7X baten fuselajetik ateratako paneletan instalatu da, eta benetako ingurumen-baldintzen eraginpean jarri. Korrosioa zehaztasun handiz kokatzea lortu da.

Clean Sky 2 programaren barruan zegoen U-CROSS, eta 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua izan du.Aireontzien segurtasuna hobetzen lagunduko du proiektuak, korrosioa goiz detektatuz; hau da, sektorearen eskura irtenbide merkeagoak jarriko dituen ikuspegi prebentibo baten bidez.Europako industria aeronautikoaren lehiakortasuna hobetzeaz gain, irtenbide hori bat dator abiazioaren inpaktu ekologikoa txikitzeko eta haren jasangarritasuna sustatzeko helburuekin.

Erlazionatutako berriak

Logo Cidetec

© 2024 CIDETEC | www.cidetec.es | All rights reserved

  • icono linkedin
  • icono youtube